Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Arabako Batzar Nagusietan Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsa (TEFFF/FOFFEL) arautzeari buruzko 19/1997 Foru Araua aldatzeko asmoz, 2013ko uztailaren 11n eratutako ponentzian EUDELeko ordezkariek parte hartu zuten.

Era berean, 2013an, EUDELek Arabako Lurralde Batzordearen bitartez, tokiko interesak babestearen alde modu aktiboan lan egin izan du, Toki Erakundeak finantzatzearen aldeko hitzarmenak lortzeko asmoz; zehatz-mehatz, hurrengo gaietan:

1- Opor Fiskalen banaketa (Estatuaren laguntzak)

2- Obra eta Zerbitzuen Foru Planean (OZFP) atzera botatako diru-laguntzak, 12.014.791,24-€-ko zenbatekoan

3- Tokiko Erakundeen Partaidetza Egonkortzeko Funtsaren (TEPEF) saldoa Tokiko Erakundeen Foru Funtsean indibidualizatzea

4- Arabako Lurralde Historikoaren katastro higiezinaren osaketa, kontserbazio, berrikuspen eta beste funtzio batzuen kostuaren banaketa

HABEtik jakinarazi diguten informazioa bidaltzen dizuegu, 2013-14 ikasturteko aurrekontuan aurreikusten den %10,7ko IGOERAri buruzkoa.

1) Udal Euskaltegien aurrekontua 13-14 ikasturterako: 2013-2014 deialdian 11.482.000 € jarriko dira.

2) Igoera: %10,7 igo dute, orain indarrean dagoenarekin alderatuta. Izan ere, 2012-2013 deialdian 10.369.254 € izan da.

3) Deialdia: Deialdiaren izapideak hasita daude. Printzipioz, iraileko EHAAn (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria) argitaratuko da.

4) Ikasleen diru-laguntzak: Ikasleentzako beka-deialdirako 700.000 € gorde dira, aurten bezala. Deialdi hau lehenago argitaratuko da, uztail amaieran edo abuztuan, irailerako egon dadin eta matrikulazioari begira eragina izan dezan.

 

EUDELek, hiru Foru Aldundiekin eta HAEErekin lankidetzan, sustatutako 2013ko prestakuntza-planaren barruan,  aurten hainbat tailer praktiko gauzatu dira udal kudeaketaren alorretan proiektuak abian ipini ahal izateko.

Berrikuntzaren alorrean prozedura administratiboei buruzko gidaliburuak prestatzera zuzendutako tailerra antolatu da. Parte-hartzaile taldearen ekarpenen ondorioz, Kudeaketa-plan bat osatzeko prozesurako 10 gomendio bildu dira.

Honako argitalpena EUDEL eta IVAPeko webguneetan eskuratu daiteke, udalei gida eta tresna erabilgarriak zein kudeatzeko laguntza eskaintzeko asmoz.

Zer da Kudeaketa-plan bat?

Dokumentu honek udalerriaren epe ertaineko ikuspegia biltzen du ( 10 urteko epekoa, gutxi gorabehera); hain zuzen ere, lurraldearen antolamendua, herritarrentzako zerbitzuak eta erakundeen antolaketa-modua jasotzen dira bertan, bai eta adierazitako horiek guztiak lortzeko estrategiak ere. Herritarrek parte hartzea eta politika- zein gizarte- alorretan adostasuna lortzea ezinbestekoak dira plan estrategikoak arrakasta izan dezan.

EUDELek, hiru Foru Aldundiekin eta HAEErekin lankidetzan, sustatutako 2013ko prestakuntza-planaren barruan,  aurten hainbat tailer praktiko gauzatu dira udal kudeaketaren alorretan proiektuak abian ipini ahal izateko.

Berrikuntzaren alorrean prozedura administratiboei buruzko gidaliburuak prestatzera zuzendutako tailerra antolatu da. Parte-hartzaile taldearen ekarpenen ondorioz, herritarrei dagozkien izapideak berrikusteko nahiz errazteko eta gidaliburu batean modu sistematikoan jasotzeko 10 gomendio bildu dira.

Honako argitalpena EUDEL eta IVAPeko webguneetan eskuratu daiteke, udalei gida eta tresna erabilgarriak zein kudeatzeko laguntza eskaintzeko asmoz.

Zer da prozeduren gidaliburua?

Udal baten prozedura administratiboen Gidaliburua modu antolatu eta sistematikoan prozedura administratibo bakoitzari buruzko oinarrizko informazioa batzen duena da: Bere esanahia, nork eskatu dezakeen, ekarri beharreko agiriak, izapidetzeko bideak, ondoriozko obligazio ekonomikoak, tramitatzeko epea, eta oinarria ematen dion lege-esparrua eta, hala badagokio, horiek betetzeko behar diren agiri-ereduak.

  • Estatu mailan aitzindari izan den ekimen honek harrera ezin hobea izan du, eta horrek sendotu egin du EUDELek eta Emakundek, ekimenaren sustatzaile diren aldetik, aurrera jarraitzeko duten borondatea.
  • Ikastaroen programa berria “Emakumeen arteko aliantzak eta itunak: beste politika baterantz” jardunaldiaren barruan aurkeztu da. MARCELA LAGARDE mexikar antropologo eta aktibista izan da bertan hizlari aipagarrienetako bat.
  • Basqueskola nazioarteko ikuspegia duen sarea da, eta lotura du beste herrialde eta erakundeetako emakume politikarien jabekuntzarako ekimenekin, hala nola, NBE Emakumeak edo Europako Udalen eta Eskualdeen Kontseiluko europar emakume hautetsien sarea.
  • Basqueskolaren bigarren edizioa irailean hasiko da, eta hainbat ikastaro eta tailer eskainiko dira: coachinga eta lidergoa, jendaurrean hitz egiteko teknikak, emakumezko alkate eta zinegotziek udaletan dituzten oztopoei buruzko hitzaldiak eta eztabaidak.

Bilbon, 2013ko ekainaren 28an. Virginia Woolf Basqueskolak (EUDELek eta EMAKUNDEk sustatzen duten Euskadiko udaletako emakume hautetsientzako eskola) euskal emakume alkateen eta zinegotzien lidergoa eta jabekuntza sustatzeko ikastaro berriekin ekingo dio bigarren edizioari.

Basqueskolaren bigarren edizioa “Emakumeen arteko aliantzak eta itunak: beste politika baterantz” izenburuko jardunaldiaren barruan aurkeztu da, Eudelen Bilboko egoitzan, udalen eremuko politikan emakume sare bat sortzeko eskolaren jatorrizko helburuarekin bat eginez.

Eudelen elkarteburu Ibone Bengoetxeak eta Emakunderen zuzendari Izaskun Landaidak parte hartu dute jardunaldian, eta beste urtebetez Basqueskola hazarazten jarrai dezaten eskatu diete bertara hurbildutako emakume alkate eta zinegotziei.
Jardunaldiaren gai nagusiari ekiteko, politikaren esparruko emakumeen aliantzen gaian adituak diren bi emakume gonbidatu dira:  Marcela Lagarde mexikar antropologoa, aktibista eta NBE Emakumeak-en aholkularia, eta  Sara Berbel, Emakumeen Institutu Katalanaren presidente ohia.

Balantzea eta ordezkaritzari buruzko datuak

2012an zabaldu zituen ateak Basqueskolak, Estatuan aitzindari izan den ekimen baten gisa, nazioartean gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari diren emakume politikarien sare ereduetan oinarrituta. Orduz geroztik, eskainitako plaza guztiak bete dituzte emakumezko 56 alkate eta zinegotzik, eta zenbait ikastarotan itxaron zerrenda ere sortu da, hala nola, ‘coachinga eta komunikazioa’ ikastaroan.

Harrera izugarri horrek sendotu egiten du udalen baitan politikan diharduten emakumeen premiei erantzuteko borondatea. 2011ko udal hauteskundeen ondoren, Euskadiko udaletako emakume hautetsien kopurua inoiz baino handiagoa izan da. Euskadin 1.018 emakumezko hautetsi daude, alkatetzen eta zinegotzigoen %38,8 osatzen dutenak: 963 zinegotzi eta 55 alkate, 251 udaletan. Horiei guztiei zuzendua da Basqueskola, kontuan hartu gabe politikan duten esperientzia eta sentiberatasuna, udalaren tamaina edota gobernuan edo oposizioan ari diren.

  • 55 alkate, guztizkoaren %22, Euskadiko 251 udaletan.
  • 963 zinegotzi, guztizkoaren %40,6, 2.370 zinegotzigoetan.

Guztira: 1.018 emakume hautetsi udaletan, Euskadiko udaletako 2.621 kargu hautetsien %38,8

Basqueskolaren helburuak

Virginia Woolf Basqueskolak nazioarteko ikuspegia du, eta horrek aukera ematen dio emakume politikarien jabekuntzaren alorreko beste ekimen batzuekin harremanetan egoteko, esate baterako, NBEren emakumeak-ekin edo IKnow politics plataformarekin. Harreman estuena Europaren esparruan du, Europako Udalen eta Eskualdeen Kontseiluko emakume hautetsien sarearen bitartez.

Proiektu horren bitartez, EUDELek eta EMAKUNDEk euskal emakume alkate eta zinegotzien arteko sarea sendotu nahi dute, emakumeek udal politikaren esparruan duten lidergoa indartzeko eta Euskadiko udal guztietako agendan berdintasun politikak sendotzeko.

Basqueskolak Berdintasunaren zeharkako ikuspegia udal kudeaketaren esparru guztietan sustatzeko plataforma izan nahi du, herritarren onura eta Euskadiko udalen etorkizuneko garapena lortzeko xedearekin.

Ikastaroen bigarren edizioa, 2013

Ikastaroen eskaintza berria irailean hasiko da: coachingari eta lidergoari buruzko tailerra, jendaurrean hitz egiteko teknikak, hitzaldiak eta eztabaidak.

Basqueskolan emakume alkateek eta zinegotziek beren udalen kudeaketa publikoan erantzukizuna duten emakume guztiek eduki ohi dituzten oztopoei aurre egiteko gaitasunak eta trebetasunak landuko dituzte. Ikastaroak hiru prestakuntza ildo hauetan banatuko dira:

  1. Coachinga eta lidergoa; komunikazio eta sozializazio teknikak.
  2. Ateneoa; eztabaida saioak.
  3. “Berbetan/Conversaciones”, mahai-ingurua. Bertan, emakume zinegotzi ohiek eta gaur egungoek emakumeek tokiko politikan izan duten iraganari eta orainari buruzko ikuspegiak trukatuko dituzte.

 

  • Jokabide Kodea gaur bertan jarriko da abian, proba pilotua egingo duten 15 udalekin.
  • Emaitzen ezarpen eta ebaluazioan EUDELek Europako Kontseiluaren eta ‘Globernance’ – Gobernantza Demokratikoaren Institutuaren adituen aholkularitza izango dute.
  • Alkate zein zinegotzien jarrera etikoa eta zintzotasun politikoa neurtzeko adierazle-fitxa bat egingo da.
  • Europako Kontseiluko metodologia hartuko da erreferentziatzat udal etika publikoa hobetzeko, izan ere hau berau beste herri batzuetan erabili da dagoeneko.

Bilbon, 20132ko ekainak 25. Eudelek gaur lehenengo lan-saioa egingo du 15 udalez osatutako talde-pilotuarekin. Pasa den maiatzaren 24ko Euskal Udalerrien Batzar Orokorrean onartutako “Jokabiderako, Gobernu Onerako eta Kalitate Instituzionalerako” erronka bere gain hartu duten udal hauek Eudelen Batzorde Eragilean dauden udal berberak dira.

Alkate, zinegotzi eta arduradun teknikoak Europako Kontseiluko ordezkariekin batzartuta daude, Eudelen koordinazio eta zuzendaritzapean, adierazitako konpromisoak praktikan jartzeko ebaluazio-tresna eta metodologia diseinatzen hasteko.

Proiektu hau ezartzeak zailtasun handia dauka, euskal udalen desberdintasunengatik eta errealitate anitzengatik (lurraldea, tamaina, biztanleria…). Horregatik EUDELek Europako Kontseiluko etika publikoan adituak direnen aholkularitza izango du, baita “Globernance” Gobernantza Demokratikoaren Institutuaren asistentzia teknikoa ere. Bi erakundeek proiektuaren ebaluatzaile independentetzat ere jardungo dute.

Ebaluazio-tresna

Euskal Udalen Jokabide Kodearen ezaugarri nagusiena, hain zuzen ere, Kode hau betetzearen ebaluazio eta jarraipena aztertzea izango da.  Udal gobernuei euren indarguneak eta alderdi ahulak identifikatzen lagunduko dien adierazle-fitxa bat egingo da. Adierazle hauek erreferentzia eta gidatzat hartuko dira eta horien bidez udalek jarrera etikoa eta Gobernu Ona hobetuko dute.

Fitxa hau Europako Kontseiluak beste herri batzuetan erabilitako ebaluazio- eta metodologia-ereduan oinarrituta dago. Talde pilotuak Europako tresnak Euskal Udalen behar eta errealitatera egokitzeko lan egingo du.

Jokabide Kodea

Jokabide Kodeak gardentasun publikoa eta diru-kontuak herritarrei jakinaraztea du ardatz. Jokabide desegokiak saihesteko tresna izateko eta euskal ordezkari politikoen zintzotasuna sendotzeko helburuarekin egin da.

Dokumentua erabiltzen eta aplikatzen duten udalek doiketak eta ekarpenak egin ahal izango dituzte.  Era honetan denborarekin hobetzen joango den etengabeko hobekuntza-prozesua sustatu nahi da.

Kodearen helburua ez da zigortzea baizik eta Euskadiko udalen lan-politikoa sendotuko duen jokabide etiko baten jarraibide batzuen glosarioa egitea.

Talde pilotuaren 15 udalak

  • Bizkaia: Basauri, Bilbao, Durango, Ermua, Galdakao, Portugalete, Santurtzi.
  • Araba: Amurrio, Arraia-Maeztu, Guardia, Iruña-Oka, Vitoria-Gasteiz.
  • Gipuzkoa: Elgoibar, Hondarribia, Irun.

EUSKO JAURLARITZAK, BJKN-K eta EUDELEK HITZARMEN BAT SINATU DUTE OHIKO ETXEBIZITZA GALTZEN DEN KASUETAN ESKU HARTZEKO

  • Babesik gabeko edo gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden herritarrek, hipoteka edo alokairua ez ordaintzeagatik etxetik botatzen badituzte, lehiatila bakar bat izango dute oinarrizko gizarte-zerbitzuetan laguntza eskura dezaten.
  • Esku hartzeko protokolo bat finkatu da hitzarmenean larritasun, babesgabetasun edo gizarte-bazterkeriako arriskuko egoerak azkar hautemateko eta, era horretan, Justizia Administrazioak sinatu duten administrazioetako gizarte-zerbitzuei berehala jakinarazteko.
  • Eusko Jaurlaritzak kaltetutakoei informazioa eta laguntza emango dizkie babes ofizialeko etxebizitzak zuzenean esleitzeko prozedurak izapide ditzaten.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan María Aburtok, BJKNko kide Margarita Uriak eta Euskadiko Udalen Elkarteko (EUDEL) buru Ibone Bengoetxeak sinatu dute gaur arratsaldean “Izaera sozialeko neurriak ahalbidetzeko etxebizitza familiarretik botatzea dela-eta larritasun-egoerak hautemateari buruzko lankidetza-hitzarmena”.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitzan sinatu dute Juan Luis Ibarrak zuzendutako ekitaldi batean. Bertan gobernu-aretoko kideek eta Euskal Autonomia Erkidegoko epaile dekanoek hartu dute parte, baita agintari hauek ere: Justiziako sailburu Ana Agirrek, Etxebizitzako sailburu Covadonga Solagurenek, Justiziako zuzendari Manuel Valínek, Justizia Administrazioko zuzendari Jon Uriartek eta EUDELeko zuzendari nagusi Mar Zabalak.

PROTOKOLOA

Erakundeen arteko hitzarmenak esku hartzeko protokolo bat ezartzen du alokairua edo hipoteka-mailegua ez ordaintzeagatik etxebizitzatik botatzean izan daitezkeen larritasun bereziko egoeretarako. Zehazki, oinarrizko gizarte-zerbitzuetan leihatila bakar bat sortuko da herritarrek hara jo ahal izan dezaten etxebizitzatik botatzeko arriskuan daudenean.

Helburua hauxe da: jarduera sozialeko hainbat neurri batera eta koordinaturik gauzatzea prozedura judizialen barruan edo EAEko herri-admunistrazioen aldetik hauteman daitezken larritasuneko egoerei erantzuteko.

KONPROMISOAK

Hiru erakunde sinatzaileek batera jarduteko konpromisoa hartzen dute ohiko etxebizitza galtzeko arriskuan dauden pertsonei erantzuteko:

  • Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak gizarte-zerbitzuen antolaketari, funtzionamenduari eta eskumenei buruzko informazioa jarriko du epaileen esku, eta gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden pertsonei buruzko datu ez konfidentzialak heralaziko dizkie udalei.
  • Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko etxebizitzak zuzenean esleitu ahal izango dizkie ohiko etxebizitza galtzeko arriskuan dauden pertsonei. Gainera, hala eskatzen duten pertsonen esku hipoteka-bitartekotzako zerbitzua, doako laguntza juridikoa edo larrialdiko laguntzak ere jarriko ditu.
  • EUDEL Euskadiko Udalen Elkartea saiatuko da udalek berahalako erantzuna eta premiazko izapidetzea eman diezaieten auzitegiek igorritako eskaerei, eta espedienteari azkena ematen dion ebazpena jakinaraz dezaten. Udalak kasuen lehiatila bakar bihurtuko dira, eta leku berean emango diete irtenbide bat edo, bestela, erantzun azkarragoa emateko egokia den erakundera bideratuko dituzte.