Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

EUROPAKO GUTUNAREN WEBGUNEAK UDALEK BERDINTASUNAREN ALDE EGITEN DUTEN LANA ZABALTZEN DU

Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluak (CMRE) ekarpenak, esperientziak eta praktika onak bidaltzeko gonbidapena egiten die Europako tokiko eta eskualdeetako erakundeei, Emakumeen eta Gizonen Tokiko Bizitzaren Berdintasunerako Europako Gutunaren Behatokiaren webgune berriaren (www.charter-equality.eu) bitartez zabaldu daitezen.

EUDELek Euskadiko udalak animatu nahi ditu, Behatokiak Gutunaren sinatzaile guztiei eskaintzen dien espazio birtual berri honetan presente egon daitezen; izan ere, tresna horrek nazioarte mailako ikusgarritasuna eta sustapena emango die udalei.

Webgune hori aukera ona da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren alde Euskadin egiten den lanaren eta sustatzen diren ekintzen berri emateko Europako gainerako herrialdeetan.

Nola prestatu eta abiarazi berdintasun plan bat, non aurkitu praktika onak edo norekin jarri harremanetan ebaluazioak egiteko… Horiek dira webgunearen bitartez erantzuna jaso dezaketen zalantzetako batzuk. Webgunea ingelesez eta frantsesez dago, eta hizkuntza gehienetara itzultzen duen aplikazio bat ere badauka.

Webgune berria 2013ko urtarrilaren 31n eman zen ezagutzera, Parisen egindako Tokiko Emakume Hautetsien Nazioarteko Biltzarrean (EUDELek ere hartu zuen parte bertan).

Beste alde batetik, oraindik ere Emakumeen eta Gizonen Tokiko Bizitzaren Berdintasunerako Europako Gutunarekin bat egin ez duten Europako tokiko eta eskualdeetako elkarteei dagokienez, Eudelek atxikimendua emateko gonbita egiten die, berdintasunarekiko duten jarrera eta konpromisoa jendaurrean erakusteko eta berdintasuna lortzeko behar diren neurriak hartu ahal izateko. Demokraziaren zalantzarik gabeko balioaren isla izango da hori.

Gutunaren Behatokia Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluak (CMRE) sortu zuen 2012ko martxoan. 2006an Gutunaren zabalkundea egin zenetik, 1.300 sinatzaile izan ditu, eta, hain zuzen ere, beraien gaineko jarraipena egitea eta babesa ematea da Behatokiaren asmoa.

*Jarri harremanetan EUDELeko Berdintasun Sailarekin, Berdintasunaren aldeko Europako Gutunera atxikitzeko

www.eudel.net

Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateetan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) garatzea.

Diru kopurua: 1.385.500 euro

Eskabideak aurkezteko epea: 2013/05/07 – 2013/06/06

Aurkezteko epe-muga: 2013ko ekainaren 6a

Ebazteko epea: EHAAn argitaratu eta 6 hilabeteko epean.

NORI ZUZENDUA

Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateak eta, euren xedeen artean hizkuntza normalizazioa izanez gero, toki-entitateen menpeko edo haiei lotutako zuzenbide publikoko entitateak. Era berean, onuradun izan daitezke xede horrekin lankidetza-hitzarmen bidez elkartutako toki-entitateak.

AGINDUA, 2013ko maiatzaren 2koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateetan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) garatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Hurrengo gaiei buruzko ikastaroetan izena emateko epea ireki da: Jarduera eta zerbitzuen gaineko araudia – Herritarren Arreta (gaztelania/euskara)- Laguntza soziala

EUDELek, HAEEren eta hiru Foru Aldundien laguntzarekin, interesekoak diren lau ikastaro eskainiko ditu ekainean. Ikastaroak Tokiko Herri Administrazioan diharduen langile orori zuzenduta daude.

Ikastaroak:

1.     JARDUERA ETA ZERBITZUEN gaineko tokiko esku-hartze administratiboaren egungo ARAUDIA.

Jarduera eta zerbitzuen esku-hartzeari buruzko tokiko araudi berriaren, horrek antolamenduan duen eraginaren, egokitzapen arazoen eta tokiko erakundeetan eredua ezartzeko jarraibideen azterketa.

2.     Tailerra: HERRITARREKIKO ARRETAREN BER/BILAKAERA. Egoera zailei erantzun egokia emateko gaitasuna indartzea.

Egoera gatazkatsuak edo tentsio handiko egoerak behar bezala kudeatzeko gaitasunetan eta tresnetan trebatzea, eta erantzuteko gaitasuna handitzea herritarrak artatzeko orduan.

Tailer honek euskarazko edizioa ere izango du.

3.     Tailerra: HERRITARREKIKO ARRETAREN BER/BILAKAERA. Egoera zailei erantzun egokia emateko gaitasuna indartzea. (Euskaraz)

4.     LAGUNTZA SOZIALA lehen mailako arreta zerbitzuetan.

Ezagutza profesionalak sendotzea, gizarte zerbitzuetako funtsezko esparru batean. Laguntza eskatzen duten pertsonei sostengu eraginkorra eta egokia lortzea du helburu, modu autonomoan moldatu daitezen eta gizarteratzea hobetu dadin.

 

IZENA EMATEKO ETA INFORMAZIO GEHIAGORAKO:

Matrikulazio eskabideak prestakuntza-koordinatzaileei bidali behar zaizkie, posta elektronikoaren bitartez, hurrengo helbidera: prestakuntza@ivap.es. HAEEk onartutako ikasleak berretsiko ditu.

Informazio gehiagorako: www.eudel.net

Aurten, zuzendaritzako karguetarako prestakuntza-programa bereziak kudeaketa ekonomiko zein finantzarioa eta pertsonen zuzendaritza nahiz kudeaketa izango ditu helburu nagusi. Horrekin batera, gainera, EUDELek eta HAEEk harreman eta trukeetarako sare honen bigarren edizioa ere dinamiatuko dute berriro, parte-hartzaileen artean eskari handia izan du-eta.

Bilbon, 2013ko apirilaren 29an. Gaur goizean, EUDELek Bilbon daukan egoitzan aurkeztu da Tokiko Zuzendaritza Publikoaren Euskal Sareko Aldizkari Digitalaren II. edizioa. Komunikaziorako tresna horren bitartez, tokiko euskal erakundeetako zuzendaritzako langile guztien arteko harreman eta topaketarako foroa suspertuko da berriro. Gaur egun, ehunetik gora parte-hartzaile ditu sareak, zuzendari profesionalak, arloetako zuzendariak eta udaletako langile funtzionarioen taldeko beste goi-kargu batzuk kontuan hartuta.

EUDELeko Ibon Uribe Galdakaoko alkateak eta Maite Iruretagoiena HAEEko zuzendariak sarearen bigarren edizio honen aurkezpen ofiziala egin dute. Ibon Uriberen esanetan, sareak oso balio handia dauka, azken urteotan gero eta zeresan handiagoa daukan kudeaketa publikoko zuzendari berriak profesionalizatzeko orduan:

“Gure erakundeetako giza kapitala funtsezkoa da berrikuntza eta lehiakortasunaren hobekuntza sustatzeko orduan. Beraz, bere talentua, esperientzia eta profesionalizazioa bultzatzea gure bidaiae-orria izan behar da, elkarren artean harremana duten udal “sustatzaileak” eduki nahi izanez gero. Une honetan, krisi ekonomiko larri hau nagusi denean, hain zuzen ere, tokiko gobernuok etorkizuneko erronka handiari aurre egin behar izango diogu”.

Alde horretatik, sareko aldizkari elektronikoak Tokiko Zuzendaritza Publikoaren Euskal Sarea osatzen duten pertsona guztien ekarpenak, iritziak eta lankidetza hartuko ditu kontuan. Izan ere, oso tresna erabilgarria da, tokian tokiko gobernuetako zuzendaritza eta kudeaketa publikoa nola dauden jakiteko.

Hori dela eta, langile publiko guztientzat oso interesgarria eta gaurkotasun handikoa den aztergaia eta eztabaidagaia aukeratu da sarearen II. edizioaren aurkezpen honetarako: “Tokian tokiko eraldaketa: antolaeran, zuzendaritza publikoan eta tokian tokiko enplegu publikoan izango dituen eraginak”. Rafael Jiménez Asensiok, aholkulari instituzional eta tokian tokiko politikako adituak, egin du agerraldia.

Sarearen helburuak

– Euskadiko udaletako zuzendarien sareko lana, taldea bultzatzea.
– Parte-hartzaileen arteko komunikazio-loturak sortzea.
– Informazioa eta esperientziak trukatzeko eremu egonkorra sustatzea.
– Behar besteko bideak eskaintzea, tokian tokiko zuzendaritza publikoaren arazoak gizarteratzeko eta irtenbide bateratuak bilatzeko.

Geure tokian tokiko erakundeak indartzea eta tokian tokiko gobernuari aldaketara egokitzen laguntzea da azken helburua, herritarrei zerbitzu hobeak eman ahal izateko.

Prestakuntzaren osagarria

Aurten, EUDEL-HAEE prestakuntza-eskaintzaren barruan, bi programa berezi berri jarri dira abian kudeaketa ekonomiko eta finantzarioaren eta Euskadiko udaletako zuzendaritzako karguetako pertsonen zuzendaritza eta kudeaketaren arloan.

Tokiko Zuzendaritza Publikoaren ibilbideak EUDEL-HAEEko prestakuntza-planaren barruan daude kokatuta 2008. urteaz geroztik, eta, abian jarri zirenetik, 150etik gora lagunek parte hartu dute bertan.

Batzorde Eragileak atzo, apirilaren 17an (osteguna), egindako bileran berretsia izan ostean, otsailaren 15ean Ministroen Kontseiluak jakinarazitako Toki Administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasun Legearen (TAAIL) Aurreproiektuari buruz EUDELek egin duen balorazio tekniko-juridikoa gaur goizean bidali zaie Euskadiko udal guztiei.

Hain zuzen ere, gaur, Aurreproiektuari buruzko jardunaldi bat egiten ari da Bilboko EUDELen egoitzan, Bizkaiko Idazkari, Kontu-hartzaile eta Diruzainen Elkargo Ofizialak antolatuta, EUDELen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetzarekin, udaletako teknikariei zuzendutako informazio-saio hori irekitzeaz.

Jardunaldi tekniko honen aurrekaria otsailaren 21ean EUDELek deitutako saioa da. Saio hura alkateei eta udaletako kargu politikoei zegoen zuzenduta, eta helburua zen Ministroen Kontseiluak astebete lehenago jakinarazitako Aurreproiektuaren edukiari buruzko lehenengo balorazioa ahalik eta arinen eskaintzea. Saio hartan, EUDELek Euskadiko udalen jarrera instituzionalaren funtsezko ardatzak aurreratu zituen, erreforma-eredu horri dagokionez.

 

Jarrera instituzionala

Gaur goizean, EUDELen Batzorde Eragileak, 15 kidek osatuta, Lehendakaritzara egin du bisitaldia, aurkezpen ofiziala egiteko Lehendakari eta Eusko Jaurlaritzako arduradun gorengoaren aurrean, legegintzaldia hasi berria duenean.

Erakundeen arteko topaketa honetan, Iñigo Urkullu lehendakariak hartu du parte Eusko Jaurlaritzaren aldetik. EUDEL ordezkatuz, berriz, Ibone Bengoetxea Elkarteburua eta José Antonio Santano Elkarteburuorde eta Irungo Alkatea egon dira, Elkartearen Batzorde Eragilearen kideekin eta zuzendari nagusiarekin batera.

EUDELen Batzorde Eragileak Euskadiko udalerrientzat lehentasunezko interesa duten gaiak jakinarazi dizkio Lehendakariari. Euskadiko egungo udalgintzaren egoera aztertu ondoren, EUDELek Euskadiko udalek egungo egoera ekonomikoan, politikoan eta sozialean dituzten mehatxuak eta aukerak aipatu ditu.

BILERAREN GAIAK

> ERRONKAK: 

  • Egoera ekonomikoak eta ekarpenen murrizketak Euskadiko udaletan izandako eragina; eskumeneko zerbitzuak gauzatzeko zailtasunak, finantziazio nahikorik gabe edo eurenak ez diren eskumenei erantzun beharra.
  • Tokiko Administrazioaren Arrazionalizazioaren eta Iraunkortasunaren Legearen (TAAIL) aurreproiektua eta Euskadiko erakundeek komunean duten kezka, aipatutako erreformak kontuan har ditzan Euskadiko udalerriek aintzatetsirik duten euskal erakundeen arkitekturaren bereizgarritasuna eta erdietsitako tokiko autonomia, bai eta emandako zerbitzuen kalitatea ere.

> AUKERAK:

  • Adostasun politiko eta instituzionala duen Udal Legea gauzatzea, udal eskumenak zehaztu eta Euskadiko erakundeen arkitektura burutzeko.  Hori guztiori Eusko Legebiltzarreko apirilaren 11ko osoko bilkurako hitzarmen berriari jarraiki; horren arabera, 12 hilabeteko epea ezarri da, Eusko Jaurlaritzak Lege proiektua ganberara eraman dezan.
  • EUDEL, euskal udalgintza egituratzeko ardatz gisa, kohesioa duen herrialde eredu baten inguruan. Tokiko Gobernuen Elkarte gisa, 30 urtetik gorako ibilbidea egin duen Euskadiko udalen ordezkari eta bozeramaile.

JORDI JOLYK  BARTZELONAKO ETA SAN CUGAT DEL VALLÉSKO ESPERIENTZIAK EKARRIKO DITU GARDENTASUNAREN ALDEKO SARERA

Asteazkenean, maiatzak 8, EUDELek honako tailerra eskainiko du, Jordi Joly adituaren eskutik:“Udal kudeaketaren eraginkortasunaren eta efizientziaren Gardentasuna”.

Gaur egun, Joly Ekonomiako eta Sustapen Ekonomikoko gerentea da Bartzelonako Udalean, eta Ekonomia eta Antolakuntzako alkateordea izan zen Sant Cugateko Udalean.

Topaketa euskadiko udaletako ordezkari politiko eta kargu teknikoei zuzenduta dago, eta EUDELen ekitaldi aretoan (Ercilla kalea 13, Bilbao) egingo da, goizeko 10:30etik 12:00etara.

*Bertaratzeko inportantea da baieztatzea: udaltransparencia@eudel.net

Tailerra Gardentasunaren Aldeko euskadiko udalen Sareak garatzen duen lanaren testuinguruan sartzen da. Sarea 2013ko urtarrilaren 30ean sortu zen.

*Sareko kide diren udalentzako lan-saioan – Jordi Jolyren hitzaldiaren ostean -, proiektu-fasean dauden bi agirien zirriborroak aurkeztuko dira, baliozkotzeko:

  • Udal Gardentasunaren arloko PRAKTIKA ONAK biltzen dituen gidaliburua.
  • Udal gardenagoa lortzeko eman beharreko urratsak jasotzen dituen BIDAIA-ORRIA.