- Estatu mailan aitzindari izan den ekimen honek harrera ezin hobea izan du, eta horrek sendotu egin du EUDELek eta Emakundek, ekimenaren sustatzaile diren aldetik, aurrera jarraitzeko duten borondatea.
- Ikastaroen programa berria “Emakumeen arteko aliantzak eta itunak: beste politika baterantz” jardunaldiaren barruan aurkeztu da. MARCELA LAGARDE mexikar antropologo eta aktibista izan da bertan hizlari aipagarrienetako bat.
- Basqueskola nazioarteko ikuspegia duen sarea da, eta lotura du beste herrialde eta erakundeetako emakume politikarien jabekuntzarako ekimenekin, hala nola, NBE Emakumeak edo Europako Udalen eta Eskualdeen Kontseiluko europar emakume hautetsien sarea.
- Basqueskolaren bigarren edizioa irailean hasiko da, eta hainbat ikastaro eta tailer eskainiko dira: coachinga eta lidergoa, jendaurrean hitz egiteko teknikak, emakumezko alkate eta zinegotziek udaletan dituzten oztopoei buruzko hitzaldiak eta eztabaidak.
Bilbon, 2013ko ekainaren 28an. Virginia Woolf Basqueskolak (EUDELek eta EMAKUNDEk sustatzen duten Euskadiko udaletako emakume hautetsientzako eskola) euskal emakume alkateen eta zinegotzien lidergoa eta jabekuntza sustatzeko ikastaro berriekin ekingo dio bigarren edizioari.
Basqueskolaren bigarren edizioa “Emakumeen arteko aliantzak eta itunak: beste politika baterantz” izenburuko jardunaldiaren barruan aurkeztu da, Eudelen Bilboko egoitzan, udalen eremuko politikan emakume sare bat sortzeko eskolaren jatorrizko helburuarekin bat eginez.
Eudelen elkarteburu Ibone Bengoetxeak eta Emakunderen zuzendari Izaskun Landaidak parte hartu dute jardunaldian, eta beste urtebetez Basqueskola hazarazten jarrai dezaten eskatu diete bertara hurbildutako emakume alkate eta zinegotziei.
Jardunaldiaren gai nagusiari ekiteko, politikaren esparruko emakumeen aliantzen gaian adituak diren bi emakume gonbidatu dira: Marcela Lagarde mexikar antropologoa, aktibista eta NBE Emakumeak-en aholkularia, eta Sara Berbel, Emakumeen Institutu Katalanaren presidente ohia.
Balantzea eta ordezkaritzari buruzko datuak
2012an zabaldu zituen ateak Basqueskolak, Estatuan aitzindari izan den ekimen baten gisa, nazioartean gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari diren emakume politikarien sare ereduetan oinarrituta. Orduz geroztik, eskainitako plaza guztiak bete dituzte emakumezko 56 alkate eta zinegotzik, eta zenbait ikastarotan itxaron zerrenda ere sortu da, hala nola, ‘coachinga eta komunikazioa’ ikastaroan.
Harrera izugarri horrek sendotu egiten du udalen baitan politikan diharduten emakumeen premiei erantzuteko borondatea. 2011ko udal hauteskundeen ondoren, Euskadiko udaletako emakume hautetsien kopurua inoiz baino handiagoa izan da. Euskadin 1.018 emakumezko hautetsi daude, alkatetzen eta zinegotzigoen %38,8 osatzen dutenak: 963 zinegotzi eta 55 alkate, 251 udaletan. Horiei guztiei zuzendua da Basqueskola, kontuan hartu gabe politikan duten esperientzia eta sentiberatasuna, udalaren tamaina edota gobernuan edo oposizioan ari diren.
- 55 alkate, guztizkoaren %22, Euskadiko 251 udaletan.
- 963 zinegotzi, guztizkoaren %40,6, 2.370 zinegotzigoetan.
Guztira: 1.018 emakume hautetsi udaletan, Euskadiko udaletako 2.621 kargu hautetsien %38,8
Basqueskolaren helburuak
Virginia Woolf Basqueskolak nazioarteko ikuspegia du, eta horrek aukera ematen dio emakume politikarien jabekuntzaren alorreko beste ekimen batzuekin harremanetan egoteko, esate baterako, NBEren emakumeak-ekin edo IKnow politics plataformarekin. Harreman estuena Europaren esparruan du, Europako Udalen eta Eskualdeen Kontseiluko emakume hautetsien sarearen bitartez.
Proiektu horren bitartez, EUDELek eta EMAKUNDEk euskal emakume alkate eta zinegotzien arteko sarea sendotu nahi dute, emakumeek udal politikaren esparruan duten lidergoa indartzeko eta Euskadiko udal guztietako agendan berdintasun politikak sendotzeko.
Basqueskolak Berdintasunaren zeharkako ikuspegia udal kudeaketaren esparru guztietan sustatzeko plataforma izan nahi du, herritarren onura eta Euskadiko udalen etorkizuneko garapena lortzeko xedearekin.
Ikastaroen bigarren edizioa, 2013
Ikastaroen eskaintza berria irailean hasiko da: coachingari eta lidergoari buruzko tailerra, jendaurrean hitz egiteko teknikak, hitzaldiak eta eztabaidak.
Basqueskolan emakume alkateek eta zinegotziek beren udalen kudeaketa publikoan erantzukizuna duten emakume guztiek eduki ohi dituzten oztopoei aurre egiteko gaitasunak eta trebetasunak landuko dituzte. Ikastaroak hiru prestakuntza ildo hauetan banatuko dira:
- Coachinga eta lidergoa; komunikazio eta sozializazio teknikak.
- Ateneoa; eztabaida saioak.
- “Berbetan/Conversaciones”, mahai-ingurua. Bertan, emakume zinegotzi ohiek eta gaur egungoek emakumeek tokiko politikan izan duten iraganari eta orainari buruzko ikuspegiak trukatuko dituzte.